 Hondarribia-Irun taldea gustura dago Emakumezkoen Ligako lidergoan, eta bertan jarraitzeko intentzioa du. Beste astebete egingo du, gutxienez, atzo Arranz Jopisa Burgosi irabazi baitzion Hondarribian 62-51. Jon Txakartegi entrenatzaileak pozik egoteko arrazoi bi ditu. Garaipenagatik, eta garaipena lortzeko gakoagatik: defentsa. Euskaldunek 51 puntutan utzi zuten Espainiako taldea, eta horrek garbi adierazten du defentsako lana izan zela gakoa. Lehen laurdena 17na bukatu zen, eta aldageletarako bidea hartu zutenean ere antzekoa zen egoera: 31-29 etxekoen alde. Kantxara bueltatuta, hortzak estutu zituzten saskipean gipuzkoarrek, 14-9ko partziala lortu eta 45-38 aurreratu baitziren. Errenta horri estuasun handirik gabe eutsi zion Hondarribia-Irunek, baita handitu ere, 62-51 irabazteko.14-2 marka du Hondarribia-Irunek. Bere arrastoa jarraitzen ari diren taldeek ere garaipena lortu zuten 16. jardunaldian. 90-72 irabazi zion Bartzelonak Celta Vigourbani, 71-63 Perfumerias Avenidak Caja Canariasi eta 65-75 Ros Casaresek La Seu D'Urgelli. 13-3koa hiru talde horien balantzea. Hondarribia-Irunek ziurtatua du ia titulurako kanporaketak jokatzeko txartela, Ligako seigarren sailkatua sei garaipenera baitauka dagoeneko. |